Nere Xoxoa (2)

Urte pare bat “ontzen” utzi ondoren, azkenean heldu diot MCI JH-636 soinu mahaiaren konponketari. Bazen garaia, ezta? Baina bestela ere, makina bat urte paseak ditu mahai honek zulo baten sartuta, iluntasunean, ahazturan…
Lehenengo, garbiketa. Potenziometro, etengailu eta fadder guztiak gogortuta eta zikinduta daude, erabilera-ezaren ondorioz, eta masaje bat baino gehixeago beharko dutela uste dut. Horretarako, ultra-uhinen bidezko garbiketa da onena. Baina mahi honen kanalen tamainako makinarik ez dagoenez merkatuan, ba neronek egin behar izan dut bat. Konponente batzuk internet bidez erosi eta beste batzuk berton enkargatuta, atondu dut prototipo bat. Xaboi berezia eta alkohol isopropilikoa erosi, makina probatu eta… alehop! dena ondo. Pentsatzen nuena baino hobe garbitzen du!
Soinu mahai honek eman didaz lehen arazoa bere automatizazioa izan da. Bere garaian iraultzailea izan zen sistema hori, estudiorako lehen mahai automatizatuak marka honetakoak izan bait ziren. Baina gaur egun ez du zentzurik, automatizazio guztia ordenagailu barruan egiten delako, eta gainera askoz ere konpletoagoa. Bestalde, foroetan-eta irakurtzen, jende askok esaten du arazoak besterik ez duela ematen… Beraz, garbiketa lanetan hasi baino lehen, automatizazioa desaktibatu eta deuseztatzea erabaki dut.
Horretarako, sistema honetaz dokumentatu eta “ilustratu” ondoren, fadderetan modifikazio bat eginda nahikoa izango dela uste dut. Lehen VCA bezala funtzionatzen zuten fadder-ak orain audio-fadderak izan beharko dira. Denak aldatu behar, beraz. Gainera, fadder-en plakako elektronika erabiliko ez denez, bertako anplifikazio etapa bat inpedantzia ondo egokitzeko erabiliko dut, hau ere modifikatu ondoren.
Ondoren modulo bakoitzaren garbiketari ekin diot. Lehenik, master, monitor eta komunikazioetarako moduluak garbitu eta konpondu ditut. Lan nekeza eta luzea bihurtzen da, kontutan hartuta agure zahar bat daukagula esku artean eta errekanbiorik topatzea ezinezkoa dela. Akats txiki bat eta dena pikutara joan daiteke. Beraz, tentuz eta maitasunez, pauso bakoitza neurtu behar…
Ze poza lehen aldiz mahaia martxan jarri dudanean! Berpiztu dut agure zaharra! Oraindik ez dago osorik, kanaleak garbitu eta konpontzea falta da, baina behintzat masterrak martxan daude.

Nere Xoxoa (1)

Duela gutxi berriz enamoratu naiz. Elektronikoki, seko enamoratu.

Asuntoa da estudioko soinu mahai bat gurutzatu dela nere bidean, beste soinu mahairik maitatuko ez nuela uste nuenean. Zoriontsuak ginen nere estudioko Tac Matchless izeneko mahaia eta ni, bazirudien betirako amodioa izango zela, berarekin ezagutu eta biziko nuela jubilazioa, gelditzen zaizkidan egunak berarekin eta ez beste inorekin biziko nituela pentsatzen nuen, baina… horrelakoa da bizitza.

Neronek konpondu eta biziberritu nuen Tac mahaia, maitasun guztiz, eta bere barrunbeak hain ondo ezagutu eta gero, nola utziko nuen ba!

Baina duela gutxi, etxean nengoela patxadan,  telefonoak jo zuen. Ezagutzen ez nuen pertsona bat. Nere kontaktua lagun amankomun batek eman ziola, eta berak bazuela nere intereseko zeozer: MCI markako soinu mahai bat,  JH-636 modeloa. Honaino, mahai ona zela banekien, baina ez nuen inongo interesik mahai horretan. Banuen nere maite kuttuna.

Baina esan zidanean Xoxoa disketxeko mahaia izan zela, Ondarroan arrantzaleak datozenean jotzen duten turrunaren gisako zeozer entzun nuen nere baitan. Xoxoa disketxea! Seguruenik Hego Euskal Herriko lehenengo grabazio estudio garrantzitsua.

Eta ordenagailuaren aurrean pasatu nituen hurrengo egunak, honi buruzko informazioa irensten. Xoxoa Disketxea eta MCI JH-636 mahaia.

1980an enkarguz Estatu Batuetan egindako mahaia da hau, Xoxoa Disketxearentzako. Jean Phocas teknikari famatuaren eskuek gidatua, mahai honetxen bidez hartu ziren hainbat eta hainbat talde eta bakarlariren notak airean, eta gorde, betirako. Zerrenda luzea da, baina aipatuko ditut batzuk: Itoiz taldearen Ezekiel eta Alkolea diskoak, Oskorriren lehenengo hirurak, Mikel Laboaren Lau-Bost, Ruper Ordorikaren lehen hiru diskak, Errobiren “Agur t’erdi” diska, Txomin Artola, Izukaitz, Haizea…

MCI JH636 etxean

1985 inguruan, disketxeak porrot egin eta mahaia eta beste traste guztiak nonbaiten gordeak izango ziren.

Nere zain.

Nola utziko nuen ba, arreta apur bat eman gabe, horrelako merituak dituen mahaia? Pentsa, Mikel Laboaren “Izarren hautsa” kantua grabatu zuen soinu mahaia!

Eta horrela izan zen. Erostea deliberatu nuen, eta topatuko nuen Tac Matchless-ari esplikatzeko modua, maitasuna horrelakoa dela, gaur txuri eta bihar gorri, edo zer dakit nik. Asmatuko dut zeozer.

Eta maitasuna jaio da bion artean. Badakit egoera txarrean zaudela, maitea, hainbat eta hainbat urte pasa dituzula bakarrik, ilunpean, zokoratuta, inork eskertu ez dizula egin zenuena, ahaztuta, uholde baten arrastoa ere baduzula zure barruan. Baina nik bueltatuko dizut bizitza.

Eta horretan nabil orain. Gau eta egun, bera da nire pentsamentu eta amets guztien jabe. Burmuinak zurrupatutako zonbi baten moduan nabil etxetik, nere Xoxoaren barne-bide elektronikoen nondik norakoak aztertzen, eta hau zergatik ez dabilen, eta bestea konpondu dudalako etxetik pozez saltoka, edota burumakur eta nere buruarekin berbetan konponente elektronikoz osatutako kale eta etorbide izugarrietan barrena, galduta.

Kontatuko dizuet…

ALDEANO SINDROMEA

Iritsi dira musikariak aretora. Gaur hiru talde dauzkagu, eta horietako bi auskaldunak. Auskalo nongo euskaldunak. Onndo.

Talde bi hauetako kideak ondo moldatzen dira euskaraz, batzuk Durangaldekoak dira eta ikusten zaie euskaldun zaharrak direla, egiteko moduarengatik. Besteak ez hain suelto, baina tira, ondo moldatzen dira. Nerekin behintzat. Onndo.

Zuzendu natzaie euskaraz, eta erantzuna euskaraz. Bale. Talde biak, ordea, ingelesez kantatzen dute. Bueeno. Ez diot, nik behintzat, garrantzi asko ematen horri. Euskaraz kantatzea erraza da, begira bestela, Miguel Bosek eta beste batzuk ere diruarengatik egiten dute. Zailagoa da euskaldun portatzea eszenatokitik kanpo.

Musikari moduan krixtoren maila dute, seguraski Kaliforniakoak balira zerua laztantzeko zorian egongo lirateke, baina ez, eus-ahaldunak dira, ahal dutela dinot, nahiz eta beraien asko sinistu ez.

Eta pentsatzen dut nik, ez ote zen hobe izango, dinot, musikaren industriaren oihanean milloika talderen artean norbait izateko kupidagabeko borrokan ibiltzea baino, ez ote zen hobe izango, igual eh!, euskalherriko euskal talde hoberenetariko bat izatea, eta modu horretan bere arbasoen hizkuntza anorexiko honengatik sustantzizko zeozer egitea. Baina tira, nere iritzia da.

Honaino, esandako guztia zalantzan jartzeko modukoa izan liteke, akaso ez zarete ados egongo. Baina iritsi da, soinu frogak egin ondoren, afaltzeko tenorea. Eta han ez dut europako indigenen hizkuntzarik entzun. Beraien artean erderaz mintzo dira. Jo ta su, lasai, horrela egiten baitute beti, galdetu ezkero “eske ohituta gaude!” esango zidaten seguruenik.

Ba nik ez dakit zer egin dugun gaizki, benetan. Baina zeozer gaizki egiten ari garela bistan da, euskaldunok gure artean euskaraz mintzatzeko kapaz ez bagara. Minorizatua izatea gogorra da, baina gainera akonplexatua izatea, are okerrago. Eta zenbait eskuldeetan nabarmenagoa da “aldeano” konplexu hau, euskal-harrotasun eza, gure hizkuntza lanerako eta bizi arrunterako ez duela balio pentsaze hori.

Bakoitzak nahi duen hizkuntzan aritu behar da. Baina hori horrela izanik ere, gure hizkuntza ez da besteen modukoa. Desabantaila handian dago, elebiduntasuna tranpa bat delako, Txillardegik zioen bezala, arrain handiak arrain txikia jaten duelako. Eta hori horrela den bitartean, militantzi apur bategaz jokatu beharko genukeela uste dut, eta ahal dugun neurrian gurean aritu. Kantatu, nahi duzuen moduan kantatu. Baina berba…

Soinuaren sukaldetik

Aupa! Eskerrikasko nere blog honetan sartzeagatik! Hau irratia bezalako zeozer da: Hemen inork ez daki nork irakurtzen dituen bere hitzak (onerako eta txarrerako), baino beti bizi gara horren esperantzan. Irakurriak izateko esperantzan, dinot. Irrati uhinak, berriz, haizeak eramaten ditu, eta hitz hauek hemen gelditzen dira. Mmm, ondo pentsatu behar zer idatzi, badaezpada… Are gehiago ni bezalako astapotro-ezjakin batek, burutik mingainerako bidea zeharo motelduta duenak, eta burutik teklaturakoa ez oso trebea behintzat.

Ez nazazue epaitu formagatik, ez bait naiz letra gizona. Ni zientziatakoa naiz, Excel bat, orain esaten den moduan. Beti eman dit arreta gehiago irrati baten tripak, bertan entzuten dena baino. Zer egingo diot ba… Baina saiatuko naiz gauzak esplikatzen ahalik eta hoberen.

Afizioa eta ofizioa. Trikitilari zahar batek behin esan zidan hauek biak topo egiten dutenean, maalo. Orduan hasten dela dena izorratzen. Eta nere ofizioa, soinu teknikaria, kanpotik ikusita zoragarria badirudi ere, badu bere “baina”, beste ofizio guztien moduan. Hemen denak ez dira lentejuelak, argi mugikorrak, soinu zerutiarrak eta txiribitak. Beno, zuen lanean bezala. Lana lana da. Eta saiatu gaitezen ahalik eta gehien disfrutatzen honetan, lana izateak berak badu eta meritu nahikoa.

Soinu teknikariak soinuaren sukaldariak gara. Generoa hartu eta entzulearentzako prestatzen dugu. Genero ona bada, erraz aterako da plater duina. Txarra bada, aamigo, orduan jartzen da benetan eltzea sutan: Ortxe ikusten da sukaldariaren balioa. Noski, ez hemen eta ez inon zaila da “berezo” guztien gustoa egin.

Baina ez da nere asmoa tarte honetan gure txapa teknikoarekin irakurlea nazkatzea. Hemen, soinuaren sukaldetik, nere begiek ikusten dutenaz hitzegin nahi nuke, nere belarriek entzuten dutena eta nere bihotzak sentitzen duena. Komiki batetan lez, biñetaz bete nahi nuke tarte hau. Eta maiz bada hobe. Baina nik daukadan cyber-fundamentuarekin… ez dakit ba.

Ondo izan!

Tresna-barrara saltatu