Nere Xoxoa (1)

Duela gutxi berriz enamoratu naiz. Elektronikoki, seko enamoratu.

Asuntoa da estudioko soinu mahai bat gurutzatu dela nere bidean, beste soinu mahairik maitatuko ez nuela uste nuenean. Zoriontsuak ginen nere estudioko Tac Matchless izeneko mahaia eta ni, bazirudien betirako amodioa izango zela, berarekin ezagutu eta biziko nuela jubilazioa, gelditzen zaizkidan egunak berarekin eta ez beste inorekin biziko nituela pentsatzen nuen, baina… horrelakoa da bizitza.

Neronek konpondu eta biziberritu nuen Tac mahaia, maitasun guztiz, eta bere barrunbeak hain ondo ezagutu eta gero, nola utziko nuen ba!

Baina duela gutxi, etxean nengoela patxadan,  telefonoak jo zuen. Ezagutzen ez nuen pertsona bat. Nere kontaktua lagun amankomun batek eman ziola, eta berak bazuela nere intereseko zeozer: MCI markako soinu mahai bat,  JH-636 modeloa. Honaino, mahai ona zela banekien, baina ez nuen inongo interesik mahai horretan. Banuen nere maite kuttuna.

Baina esan zidanean Xoxoa disketxeko mahaia izan zela, Ondarroan arrantzaleak datozenean jotzen duten turrunaren gisako zeozer entzun nuen nere baitan. Xoxoa disketxea! Seguruenik Hego Euskal Herriko lehenengo grabazio estudio garrantzitsua.

Eta ordenagailuaren aurrean pasatu nituen hurrengo egunak, honi buruzko informazioa irensten. Xoxoa Disketxea eta MCI JH-636 mahaia.

1980an enkarguz Estatu Batuetan egindako mahaia da hau, Xoxoa Disketxearentzako. Jean Phocas teknikari famatuaren eskuek gidatua, mahai honetxen bidez hartu ziren hainbat eta hainbat talde eta bakarlariren notak airean, eta gorde, betirako. Zerrenda luzea da, baina aipatuko ditut batzuk: Itoiz taldearen Ezekiel eta Alkolea diskoak, Oskorriren lehenengo hirurak, Mikel Laboaren Lau-Bost, Ruper Ordorikaren lehen hiru diskak, Errobiren “Agur t’erdi” diska, Txomin Artola, Izukaitz, Haizea…

MCI JH636 etxean

1985 inguruan, disketxeak porrot egin eta mahaia eta beste traste guztiak nonbaiten gordeak izango ziren.

Nere zain.

Nola utziko nuen ba, arreta apur bat eman gabe, horrelako merituak dituen mahaia? Pentsa, Mikel Laboaren “Izarren hautsa” kantua grabatu zuen soinu mahaia!

Eta horrela izan zen. Erostea deliberatu nuen, eta topatuko nuen Tac Matchless-ari esplikatzeko modua, maitasuna horrelakoa dela, gaur txuri eta bihar gorri, edo zer dakit nik. Asmatuko dut zeozer.

Eta maitasuna jaio da bion artean. Badakit egoera txarrean zaudela, maitea, hainbat eta hainbat urte pasa dituzula bakarrik, ilunpean, zokoratuta, inork eskertu ez dizula egin zenuena, ahaztuta, uholde baten arrastoa ere baduzula zure barruan. Baina nik bueltatuko dizut bizitza.

Eta horretan nabil orain. Gau eta egun, bera da nire pentsamentu eta amets guztien jabe. Burmuinak zurrupatutako zonbi baten moduan nabil etxetik, nere Xoxoaren barne-bide elektronikoen nondik norakoak aztertzen, eta hau zergatik ez dabilen, eta bestea konpondu dudalako etxetik pozez saltoka, edota burumakur eta nere buruarekin berbetan konponente elektronikoz osatutako kale eta etorbide izugarrietan barrena, galduta.

Kontatuko dizuet…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu